Edukira joan
EU ES

Alemaniako lanbide heziketa eredua ezagutzen

2020.03.19

Aurtengo martxoan, COVID-19ak etxean egotera behartu baino lehen, gure ikastetxeko administraritza alorreko hiru irakasle Alemanian izan dira astebetez, Erasmus+ proiektu baten barnean, bertako Lanbide Heziketa eredua ezagutzen. Lörrach hiriko “Kaufmännische Schule Lörrach“ ikastetxean egin dute egonaldia. Ikastetxe honetako administraritza alorreko irakasleen eskutik bertako Lanbide Heziketa DUALaren funtzionamendua ezagutu ahal izan dute, eta gainera, hainbat klasetan parte hartzeko aukera ere izan dute.

Alemaniako Lanbide Heziketa DUALa eta Euskadikoa alderatzerakoan ezberdintasunik nabarmenena prozesu honetan enpresak duen protagonismoa dela aipatu dute. Ikasleak, lehendabizi proiektuan parte hartu nahi duen enpresa bat bilatu behar izaten du, eta behin enpresarekin kontratua duenean inguruko ikastetxearekin jartzen da harremanetan. Euskadin, ikasleak lehen urtea ikastetxean egiten du, eta DUAL sisteman parte hartzen dutenak ikastetxearen bidez jartzen dira enpresarekin harremanetan. Alemanian, DUAL programak irauten duen 3 urtetan ikasleak astean 30 ordu enpresan lan egiten du eta 10 ordu ikastetxean.

Koronabirusaren eraginez, DUAL programan parte hartzen duten hainbat enpresetan aurrikusita zituzten bisita gidatuak bertan behera geratu ziren, baina hala ere bertako ikasle eta ikasle ohiekin biltzeko aukera izan zuten gure ikastetxeko irakasleek.

Orokorrean esperientzia oso aberasgarria izan dela nabarmendu dute.

Koronabirusa dela eta aurrez aurreko irakaskuntzaren etetea

2020.03.12

Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz, COVID-19 dela eta, bihartik aurrera, gure ikastetxean, aldi baterako aurrez aurreko jarduerak eten egingo ditu eta ikasleek plataforma digitalen bitartez modu ez presentzialean lan egiten jarraituko dute.

Ikastetxeko irakasleak Alemanian izan dira bertako hezkuntza sistema eta berrikuntzak ezagutzen

2020.03.05

Gure ikastetxeko lau irakasle, hiru egunez, Alemaniako Bavariako herri ezberdinetan izan dira.

Egonaldiaren helburuak, Alemaniako lanbide heziketako sistema gertutik ezagutzea eta mekanizazioko azkeneko joerak aztertzea izan dira, gehien bat.

DMG-MORI enpresak Pfronten-en duen lantegian, Open House delako ekitaldia burutu da. Bertan, makina erreminta sektoreko enpresa garrantzitsu honek, mekanizazio munduan eskaintzen dituen hainbat soluzio aurkeztu ditu. Bost ardatzetako mekanizazioan du bere berezitasunetako bat; baita eransketa bidezko fabrikazioa, laserra bidezko testurizazioa etab ere.

Honetaz gain, enpresa honek prestakuntza eskaintzeko, bere berariazko akademia ere badu, non ikasleak prestatzen dituen enpresa horretan garatzen den teknologietan. Ikasle hauek, aldi berean, egun edo aste batzuk partekatzen dituzte lanbide heziketako ikastetxeetan, prestakuntza gehigarria jasotzen. Prestakuntza mota hau Dual izenez ezagutzen da.

Honetaz guztietaz aparte, Kaufbeuren herrian dagoen Staaliche berufsschule-Kaufbeuren lanbide heziketako ikastetxea ezagutzeko aukera izan dute. Bertan, beste puntu batzuen artean, hauek landu dituzte bertako arduradun eta irakasleekin: Alemaniako hezkuntza sistema, Dual sistema, gelen eta ordutegien antolakuntza, metodologiak, lantzen diren edukiak, enpresekin harremanak, nazioartekotzea etab.

Instalazioak eta baliabideak ezagutzeko ere tartea hartu dute. Ekintza hau, Erasmus+ programaren diru laguntzarekin burutu da.

Bost herrialdetako hainbat ikastetxetako partaideok elkartrukea burutu dugu

2020.02.13

“The Guardians of Europe” Erasmus+ KA2 proiektuan parte hartzen duten ikasle eta irakasleak Tolosan izan dira astebeteko egonaldia burutuz.

Bisitariak 20 ikasle eta 13 irakasle izan dira, Grezia, Polonia, Portugal eta Italia herrialdetakoak. Ikasleek gure ikastetxeko ikasleen etxeetan hartu dute ostatua, aurrez beraiek ere atzerriko beste ikasleen etxeetan egon ziren moduan. Guztira 50 pertsona baina gehiago izan dira ekintzetan parte hartu dutenak.

Elkartruke hau proiektu honek garatzen duen 5. meeting-a da. Proiektu honek bi helburu nagusi ditu: Kanpaina sozialen bidez jarrera prosozialak sustatzea eta Europako kultur ondarea ezagutzea, zabaltzea eta babestea. Proiektu honi hasiera Tolosan eman zitzaion 2018ko irailean eta Italian, Grezian eta Polonian izan ondoren, gure herria izan da oraingoan jomugako herrialdea.

Astebetez, ikasleek jarduera kulturalak burutu dituzte: tailerrak, lehiaketak, euskal sukaldaritza ikastaroa etab. Gure lurraldea eta bere ondarea ezagutzeko ere bisita ezberdinak egin dira: Donostian eta Tolosan bisita gidatuak, Albaola, Gaztelugatxe, Guggenheim Museoa, Bizkaia Zubia, sagardotegi bat etab.

Datozen hilabeteetan ikasleek Europako kultur ondarea babesteko kanpaina garatuko dute. Datorren maiatzean, Portugalen izango da bi urte hartuko dituen proiektu honen azken elkartrukea. Proiektu honek Erasmus+ programaren diru laguntza jasotzen du.

Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakasle eta ikasleak gure ikastetxeko merkataritza alorrekoekin izan dira elkartruke batean

2020.31.01

Baionako Bernat Etxepare Lizeoko merkataritza zikloko hamabi ikasle eta bi irakasle izan dira, bi egunetan zehar, gure ikastetxeko merkataritzakoekin elkartruke batean. Lehenengo egunean, besteak beste, Tolosa hirigunea ezagutu, Tolosa&Co, Tolosako merkatari elkarteak eskainitako hitzaldian parte hartu eta ikastetxeko kontsumo taldearen hornitzailea den, Altzoko Sabekoetxeko baserriko Behieko enpresaren produktu ekologikoak nola egiten dituzten ikusteko eta dastatzeko aukera izan genuen. Bigarren egunean, Irungo Plaiaundi Institutoan, merkataritzako goi mailako zikloak ikusteko aukera izan genuen eta beraiekin harreman handia duten logistikako XPO enpresa bisitatzeko ere aprobetxatu genuen. Elkartrukearen esperientzia bikaina izan da eta datorren ikasturterako harremana sendotzea adostu dute bi ikastetxeek.

ikaslan

elebasque

fp
ikaslan

elebasque

fp
© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldea.com