Edukira joan
ES EU EN
 

4.0. Tailerra

Tolosaldea Lanbide Heziketaren eta Tknikaren -Lanbide Heziketako berrikuntza zentroa- lan ildoetako bat denon ahotan dabilen 4.0 Industria dugu. Bertan kokatzen da Tolosaldea L.H.I.I-ko Mekanika alorrean garatzen ari garen “4.0 Tailerra” proiektua.

Proiektuaren helburua 4.0 Industria osatzen duten hainbat teknologia Lanbide Heziketako ikastetxeen fabrikazio mekanikoko tailerretan integratzea da, bai ikasleak bai irakasleak haien erabiltzaile izan gaitezen.

Helburua lortzeko, alde batetik, software askeko ERP bat ezartzen ari gara eta, bestetik, fabrikazio mekanikoan ditugun baliabide eta gune desberdinak ERPra konektatzeko lanean gabiltza. Teknologia desberdinak bizkarrezurra izango den ERPan konektatzeak era eraginkorragoan lan egitea ahalbidetuko digu, kontrol eta plangintzarako datuak zentralizatuz.

Proiektuan, Tknikako Berrikuntza teknologikoa eta Sistema Adimendunak alorraren koordinazioarekin, Miguel Altuna Institutuak (Bergara), IMH-k (Elgoibar), Bidasoak (Irun), Usurbilgo lanbide eskolak (Zubieta) eta guk, Tolosaldea LHk, hartzen dugu parte.

Polimero eta konposite bidezko egituren eraikuntza

Aurten, soldadura eta galdaragintza alorra “Polimero eta konposite bidezko egituren eraikuntza” proiektua garatzen ari da, Elgoibarko MEKA institutuarekin batera.

Eraikuntza mota hauek, kasu batzutan, ordezkatu ditzakete metalez egindakoak eta nahiko ohikoak dira Frantzian eta Alemanian. Euskal Herrian badira eraikuntza mota hauek fabrikatzen dituzten enpresak, eta hauetako batzuek prestatutako langileen beharra adierazi digute.

Proiektuaren helburua, polimero eta konposite ezberdinak erabiliz, egiturak eraikitzeko behar diren prozesuak geureganatzea da eta, aurrera begira, ziklo ezberdinetan (“soldadura eta galdaragintza” eta “eraikuntza metalikoak “) prozesu horiek hainbat erronka bidez integratzea.

Kurtso amaieran, sortutako dokumentazioa eta lortutako gaitasunak ziklo hauek eskaintzen dituzten beste eskolekin partekatuko dira.

Hiri-mugikortasun jasangarrian oinarrituriko esperientzia

Esperientzia honetan gure ikastetxeak banakako mugikortasunerako ibilgailuak jartzen ditu bertako langileen eskura (5 patinete eta 10 bizikleta elektriko), helburua etxetik ikastetxerako bidea autoa alde batera utzi eta hauetako ibilgailuren batekin egitea delarik, horrela ingurugiroaren deskarbonizazioan lagunduz. Ikastetxean eguzki indar fotoboltaikoz elikaturik egongo den ibilgailuen karga-gunean energía garbiaz kargatzeko konpromezua hartuko du erabiltzaile bakoitzak. Karga-gune hau Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera garatu da eta auto elektrikoentzako karga sistema ere izango du.

Proiektuaren barruan Aretxabaleta Lanbide Eskola, Etnnic enpresaren lankidetzarekin, atzitzaile fotoboltaikoak dituen triziklo elektriko baten diseinua lantzen ari da. Helburua hirietan barrena merkantzia arinak garraiatzeko ibilgailu jasangarri bat garatzea da, Azken Milla kontzeptuaren inguruan.

Era berean ibilgailu hauen konpontze eta mantentze zerbitzua abian jarri da Tolosaldeako ikasle eta irakasleen ardurapean. Elektromugikortasunaren teknologian formakuntza saioak ere prestatu dira.

Azkenik, EHU-ko Ingeniaritza Elektroniko Graduko ikasle bat gradu amaierako proiektuan banakako mugikortasunerako ibilgailuen zenbait aldagai neurtuko dituen eta hauen geolokalizaziorako sistema garatuko du.

Esperientzia piloto honek ikusmin handia sortu du beste ikastetxe batzuetan eta bereziki Tolosako Udalean.

Agerian da mugikortasun jasangarriaren inguruko apustu garbia duela Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak eta, orokorrean, garapen jasangarrirako helburuak ahalbidetzen dituzten teknologietan.

Fabrikazio aditiboa eta alderantzizko ingeniaritza (3D-Ikaslab)

3D-Ikaslab proiektua, Tknikako espezializazio arloaren esparruan kokatzen da. Tknika, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da eta ardatz nagusitzat berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua ditu. Tolosaldea LHII-ko hainbat irakasle bertako proiektuetako partaide eta bultzatzaile dira.

3D-ikaslab proiektuan puri-purian dagoen 3D inpresioa eta alderantzizko ingeniaritza ditu helburu, baina ikuspegi industrial eta ekipamendu aurreratuetan oinarrituta. Horretarako abiapuntutzat oinarri sendoko formakuntza beharrezkoa izan da eta gainera azken bi urteetan, bai eskanerren munduan, bai eskaneatutako fitxategien trataeran eta baita inpresio industrialean ere, espezializazio jardun handiak gauzatu dira.

Ondoko helburuak bete nahi dira proiektua aurrera eramanez:

• Enpresa ertain/txikiei adizio teknologia eta alderantzizko ingeniaritza esparruak ezagutarazi eta soluzioak irisgarri egitea.

• Proiektuan lortutako ezagutza eta trebetasunak Euskadiko lanbide heziketako irakasleriari irisgarri jartzea transferentzia jardunaldiak gauzatuz.

• Etengabeko garapenean dagoen industri arlo honetan zaintza teknologikoa egitea eta datozen erronka berrietarako prest egotea.

Proiektu honetan eta beti ere Tknikako espezializazio arloan kokaturik, Bergarako Miguel Altuna Institutuak eta guk, Tolosaldeak, hartzen dugu parte.

ElkarNet

Elkarnet koordinazio proiektua Lanbide Heziketako ikastetxeei zerbitzu bat eskaintzeko sortu zen; ikastetxeetako sare informatikoaren administrariei zuzendutako zerbitzua, hain zuzen ere. Sare administrariek osatzen duten komunitate honi Elkarnet deritzo eta Tolosaldea LH-ko sare administraria bertako partaide da.

Etengabe erronka berriak sortzen diren mundua izanik, zentzua du honelako zerbitzu bat mantentzea eta indartzea, ikastetxeetako informazioaren segurtasuna bermatu nahi bada.

Elkarnet koordinazio taldea ahaleginak egiten ari da komunitateak konpartitzen dituen arazo, aukera berri, aldaketa eta abarren aurrean azpiegitura egoki bat sortzeko. Alderdi desberdinak jorratzen dira; besteak beste, Hekuntza Sailarekin harremanak, sare administrarientzako formazio saioak eta informazioaren partekatzea/antolaketa.

Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

- Hezkuntza Sailetik iristen diren gaietan bitartekari lanak burutzea.

- Interesa duten gaiak identifikatu eta formazio saioak antolatzea.

- Partekatzen ditugun informazio, helburu, mehatxu etabar garrantzitsuenak identifikatzea.

- Informazioa partekatzeko egiturak eta erremintak garatzea.

Proiektuak ikasturte osoko iraupena du eta urtero berritzen da. Tolosaldea LH-z gain, proiektu honetan ikastetxe hauetako sare-administraiek hartzen dute parte: Tknika Ikerketa Zentroa, IMH (Elgoibar), Iurreta Institutua (Iurreta) eta Tartanga Institutua (Erandio)

IKT aRitua (ethazi)

IKT aRituon lana, Tknikako ikaskuntza eta etekin handiaren arloaren baitan ulertu behar da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetan, ethazi ikaskuntza-ereduaren indartzean eta hobekuntzan laguntzen dugu gaitasun digitalen lanketa sustatuz. Lan hau burutzeko ezinbestekoa izanik beste ethazi aRituekin batera lankidetzan aritzea.

Horretarako, IKT pedagogoen sarea (gaur egun 35 ikastetxeek osatzen duguna) sustatzen dugu lankidetzaren bidez, praktika onak partekatuz, ezagupena askatasunez konpartituz eta prestakuntza eta erlazio egonkorren guneak sortuz.

Ondoko helburuak bete nahi dira proiektua aurrera emanez:

• IKT pedagogoen sarearen bidez, ikaslearen gaitasun digitalekiko prestakuntza orokorra hobetzea

• Ikasleari bere ikaskuntza prozesuan laguntzea gaitasun digitalak landuz

• Ethazi ereduko, erronketako urratsak indartzea gaitasun digitalak landuz. Horretarako jarduera digitalak diseinatuz eta sustatuz

• IKT pedagogo-gaien prestakuntza antolatu eta ematea

• Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetan, ikaskuntza prozesua hobetze arren, gaitasun digitalen lanketaren nondik norakoak ezagutaraztea, beti ere hauek zehar gaitasun gisa harturik (EPA (ethazi prestakuntza aurreratua)ikastaroetan parte hartuz eta ikaskuntza koordinatzaileei ikastaroak emanez besteak beste). 

Proiektu honetan eta beti ere Tknikako ikaskuntza eta etekin handiaren arloan kokaturik, Tartanga, Cebanc, Nikolas Larburu eta guk, Tolosaldeak, hartzen dugu parte.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldea.com