Albisteak

Este portlet ya no esta disponible.

Alemaniako lanbide heziketa eredua ezagutzen

2020.03.19

Aurtengo martxoan, COVID-19ak etxean egotera behartu baino lehen, gure ikastetxeko administraritza alorreko hiru irakasle Alemanian izan dira astebetez, Erasmus+ proiektu baten barnean, bertako Lanbide Heziketa eredua ezagutzen. Lörrach hiriko “Kaufmännische Schule Lörrach“ ikastetxean egin dute egonaldia. Ikastetxe honetako administraritza alorreko irakasleen eskutik bertako Lanbide Heziketa DUALaren funtzionamendua ezagutu ahal izan dute, eta gainera, hainbat klasetan parte hartzeko aukera ere izan dute.

Alemaniako Lanbide Heziketa DUALa eta Euskadikoa alderatzerakoan ezberdintasunik nabarmenena prozesu honetan enpresak duen protagonismoa dela aipatu dute. Ikasleak, lehendabizi proiektuan parte hartu nahi duen enpresa bat bilatu behar izaten du, eta behin enpresarekin kontratua duenean inguruko ikastetxearekin jartzen da harremanetan. Euskadin, ikasleak lehen urtea ikastetxean egiten du, eta DUAL sisteman parte hartzen dutenak ikastetxearen bidez jartzen dira enpresarekin harremanetan. Alemanian, DUAL programak irauten duen 3 urtetan ikasleak astean 30 ordu enpresan lan egiten du eta 10 ordu ikastetxean.

Koronabirusaren eraginez, DUAL programan parte hartzen duten hainbat enpresetan aurrikusita zituzten bisita gidatuak bertan behera geratu ziren, baina hala ere bertako ikasle eta ikasle ohiekin biltzeko aukera izan zuten gure ikastetxeko irakasleek.

Orokorrean esperientzia oso aberasgarria izan dela nabarmendu dute.

Koronabirusa dela eta aurrez aurreko irakaskuntzaren etetea

2020.03.12

Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz, COVID-19 dela eta, bihartik aurrera, gure ikastetxean, aldi baterako aurrez aurreko jarduerak eten egingo ditu eta ikasleek plataforma digitalen bitartez modu ez presentzialean lan egiten jarraituko dute.

Ikastetxeko irakasleak Alemanian izan dira bertako hezkuntza sistema eta berrikuntzak ezagutzen

2020.03.05

Gure ikastetxeko lau irakasle, hiru egunez, Alemaniako Bavariako herri ezberdinetan izan dira.

Egonaldiaren helburuak, Alemaniako lanbide heziketako sistema gertutik ezagutzea eta mekanizazioko azkeneko joerak aztertzea izan dira, gehien bat.

DMG-MORI enpresak Pfronten-en duen lantegian, Open House delako ekitaldia burutu da. Bertan, makina erreminta sektoreko enpresa garrantzitsu honek, mekanizazio munduan eskaintzen dituen hainbat soluzio aurkeztu ditu. Bost ardatzetako mekanizazioan du bere berezitasunetako bat; baita eransketa bidezko fabrikazioa, laserra bidezko testurizazioa etab ere.

Honetaz gain, enpresa honek prestakuntza eskaintzeko, bere berariazko akademia ere badu, non ikasleak prestatzen dituen enpresa horretan garatzen den teknologietan. Ikasle hauek, aldi berean, egun edo aste batzuk partekatzen dituzte lanbide heziketako ikastetxeetan, prestakuntza gehigarria jasotzen. Prestakuntza mota hau Dual izenez ezagutzen da.

Honetaz guztietaz aparte, Kaufbeuren herrian dagoen Staaliche berufsschule-Kaufbeuren lanbide heziketako ikastetxea ezagutzeko aukera izan dute. Bertan, beste puntu batzuen artean, hauek landu dituzte bertako arduradun eta irakasleekin: Alemaniako hezkuntza sistema, Dual sistema, gelen eta ordutegien antolakuntza, metodologiak, lantzen diren edukiak, enpresekin harremanak, nazioartekotzea etab.

Instalazioak eta baliabideak ezagutzeko ere tartea hartu dute. Ekintza hau, Erasmus+ programaren diru laguntzarekin burutu da.

Bost herrialdetako hainbat ikastetxetako partaideok elkartrukea burutu dugu

2020.02.13

“The Guardians of Europe” Erasmus+ KA2 proiektuan parte hartzen duten ikasle eta irakasleak Tolosan izan dira astebeteko egonaldia burutuz.

Bisitariak 20 ikasle eta 13 irakasle izan dira, Grezia, Polonia, Portugal eta Italia herrialdetakoak. Ikasleek gure ikastetxeko ikasleen etxeetan hartu dute ostatua, aurrez beraiek ere atzerriko beste ikasleen etxeetan egon ziren moduan. Guztira 50 pertsona baina gehiago izan dira ekintzetan parte hartu dutenak.

Elkartruke hau proiektu honek garatzen duen 5. meeting-a da. Proiektu honek bi helburu nagusi ditu: Kanpaina sozialen bidez jarrera prosozialak sustatzea eta Europako kultur ondarea ezagutzea, zabaltzea eta babestea. Proiektu honi hasiera Tolosan eman zitzaion 2018ko irailean eta Italian, Grezian eta Polonian izan ondoren, gure herria izan da oraingoan jomugako herrialdea.

Astebetez, ikasleek jarduera kulturalak burutu dituzte: tailerrak, lehiaketak, euskal sukaldaritza ikastaroa etab. Gure lurraldea eta bere ondarea ezagutzeko ere bisita ezberdinak egin dira: Donostian eta Tolosan bisita gidatuak, Albaola, Gaztelugatxe, Guggenheim Museoa, Bizkaia Zubia, sagardotegi bat etab.

Datozen hilabeteetan ikasleek Europako kultur ondarea babesteko kanpaina garatuko dute. Datorren maiatzean, Portugalen izango da bi urte hartuko dituen proiektu honen azken elkartrukea. Proiektu honek Erasmus+ programaren diru laguntza jasotzen du.

Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakasle eta ikasleak gure ikastetxeko merkataritza alorrekoekin izan dira elkartruke batean

2020.31.01

Baionako Bernat Etxepare Lizeoko merkataritza zikloko hamabi ikasle eta bi irakasle izan dira, bi egunetan zehar, gure ikastetxeko merkataritzakoekin elkartruke batean. Lehenengo egunean, besteak beste, Tolosa hirigunea ezagutu, Tolosa&Co, Tolosako merkatari elkarteak eskainitako hitzaldian parte hartu eta ikastetxeko kontsumo taldearen hornitzailea den, Altzoko Sabekoetxeko baserriko Behieko enpresaren produktu ekologikoak nola egiten dituzten ikusteko eta dastatzeko aukera izan genuen. Bigarren egunean, Irungo Plaiaundi Institutoan, merkataritzako goi mailako zikloak ikusteko aukera izan genuen eta beraiekin harreman handia duten logistikako XPO enpresa bisitatzeko ere aprobetxatu genuen. Elkartrukearen esperientzia bikaina izan da eta datorren ikasturterako harremana sendotzea adostu dute bi ikastetxeek.

Ikasenpresako II barne azoka Tolosaldea LHII-n

2020.06.08

Abenduaren 19an, Tolosaldea LHII-an, “Lan prestakuntza eta orientabidea” alorrak antolatuta, Ikasenpresako II barne azoka ospatu genuen. Bertan, “Enpresa eta ekimen sortzailea” modulua egiten ari diren 2. mailako ikasle guztiek hartu zuten parte ikasturtean zehar sortutako ikasenpresekin, guztira 33 ikasenpresa izanik, 10 ziklo ezberdinetakoak.

Ikasenpresa bakoitzak bere produktu edo zerbitzuak aurkezteko aukera izan zuen. Denetatik zegoen: lanparak, mekanizatutako kaxak, giltzak zintzilikatzekoak, apaingarriak, bideojokoak, aplikazioak, 3Dko erramintak, garagardoz egindako gailetak eta askoz gehiago. Ikasleak oso ondo aritu ziren bai azokaren aurreko asteetan dena prestatzen (kartelak, txartelak, folletoak, produktuak,…) baita azokan bertan hurbiltzen zitzaienei azalpenak ematen eta demostrazioak egiten ere.

Azokaren iraupena bi ordukoa izan zen eta giro ederra sortu zen. Bisitari asko izan genituen, 1. Mailako ikasleak, gure irakasleak, Orixeko batxilergoko eta 4.DBHko irakasle eta ikasleak, baita ere Inmakulada Ikastolako zenbait ikasle eta irakasle. Guztiak ibili ziren oso gustora gure ikasleen eskaintzak aztertzen eta baloratzen eta zenbait kasutan erosketak egiten ere.

Leku ezin hobea izan genuen ekitaldia aurrera eramateko, eraiki berria dugun aretoa erabili baikenuen, erabilera anitzetako oso aproposa izango dena.

Oso positibotzat baloratzen dugu esperientzia, hurrengo ikasturtean III azoka antolatzeko animatu gaitu.

Beasaingo CAF-era bixita

2020.01.08

Abenduaren 12ean informatika alorreko ikasle eta irakasle batzuk Beasaingo CAF enpresa ezagutzen izan ginen. Bisitaren helburua CAF enpresako sistema informatikoa nola kudeatzen duten gertutik ezagutzea izan zen. Horretarako, Beasaingo CAF enpresako sare kudeatzaile arduradunen laguntza izan genuen. Ohiko harrera egin ondoren, bi taldetan banatu ginen enpresako datuen prozesamendurako zentroa ikusteko eskakizunak jarraituz.

Ondoren sare kudeatzaile arduradun bakoitzak enpresako sistema informatikoaren muina nola ezarrita zegoen azaltzen zuen bitartean, beste taldea datuen prozesamendurako zentroa ikustera joan zen. Zerbitzariak elkarren artean nola komunikatzen diren, hainbat switch -en konfigurazioa eta switch-en arteko lotura fibra bidez nola gauzatzen den, segurtasun kopiak (Backup) egiteko erabiltzen duten prozesua eta zerbitzarietan lan karga handia dagoenerako lan karga hau banatzeko hardware berezia ezagutu genuen.

Cadinox enpresan bisitan izan gara

2020.01.05

Abenduaren 10ean Informatika alorreko ikasle eta irakasle batzuk Cadinox galdaragintza enpresa ezagutzera joan ginen. Bisitaren helburua Pyme honetako sistema informatikoaren kudeatzailearen lana ezagutzea izan zen. Horretarako, gaur egun Cadinox enpresan sare kudeatzaile den gure ikasle ohi baten laguntza izan genuen.

Ohiko harrera egin ondoren, enpresan egiten den produktu mota eta lan egiteko modua ezagutu genituen. Ondoren sare kudeatzailearen egunerokotasunean agertzen diren atazak eta ardura orokorrak ere azaldu zizkiguten, adibidez: inprimagailuak, telefonia zentralita, backup-ak, korreo elektronikoa eta bezero zein zerbitzarien eguneraketa.

Bisita amaitzeko sareko hardware eta sistema informatiko osoa ikusi genituen.

Mallorca-ko irakasleen bisita izan dugu ikastetxean

2020.01.01

Azaroaren 27an Mallorkako Francesc de Borja Moll de Palma ikastetxeko sei irakasle gure ikastetxean izan ziren. Informatika Sistemen administrazioko zikloaren lan egiteko modua ezagutzera etorri ziren, gehienbat Etekin Handiko eredu metodologikoa (ETHAZI) aurrera eramateko modua.

Ohiko harrera egin ondoren, zikloko erronketan oinarritutako programazioak, gela eta tailerretan lan egiteko moduak, ebaluazioa eta FeedBacka nola egiten ditugun azaldu genizkien. Bilera amaitu genuenean ETHAZI metodologiara egokitutako instalazioak erakutsi genizkien.

Ekintzaileen esperientziak ezagutzen

2019.12.20

Gure ikastetxeko Administrazio eta Finantzak zikloko ikasleek eskualdeko hainbat ekintzaileren bisita jaso dute, eta haien esperientzia ezagutzeko aukera izan dute. Ikastetxera etorri diren ekintzaileak Gorka Egia (Egia Aholkularitza Etikoa), Koldo Artola (Domotek) eta Roberto Vilar (Vilar Consultoría Digital) izan dira. Bakoitzaren ibilbidea ezberdina izan arren, hirurek besterentzako lan egiteari utzi eta beren enpresa propioa sortzea aukeratu dute, eta beraien esperientzia kontatu diete ikasleei.

Hitzaldi hauen bidez ikasleek etorkizun profesionala modu autonomoan garatzeko eman beharreko pausuak ikasi dituzte, eta hori garatzeko beharrezkoak diren gaitasunak zein diren ere identifikatu ahal izan dituzte. Izan ere, hiru adituek nabarmendu dituzte ekintzaile batek izan beharreko hainbat ezaugarri: autonomia, ardura, komunikatzeko gaitasuna. Azken batean, gelan landutako gaitasunak adibide errealekin uztartzeko aukera izan da ikasleentzat.

Reunion Uharteko hainbat ikasle gurean izan dira elkartruke proiektu baten baitan

2019.12.19

Reunion Uharteko Saint Paul hirian dagoen Lycée Des Métiers La Vue Belle-eko 9 ikasle eta 2 irakasle Tolosan izan dira, 2 astez, ikasketa-jarduerak eta praktikak garatuz.

Ikasleak, Merkataritzako espezialitatekoak dira eta Tolosako eta Ibarrako establezimenduetan burutu dituzte beraien praktikak.

Ikasenpresa proiektuari eta erakusleihoak apaintzeari buruzko prestakuntza jaso dute ikastetxean eta Tolosako eskaparateak ezagutzeko irteera ere egin dute.

Ekintza eta irteera kulturalak egiteko aukera ere izan dute, herri kirolak praktikan jarriz eta Eureka Zientzia Museoa bisitatuz. Kultur-trukea egiteko, bi ikastetxetako ikasleek, bere herriko plater ezagunak prestatu zizkiguten, elkarte batean.

Alegiako Udaletxea ezagutzera ere joan dira eta bertan Alkateak harrera egin die. Bukatzeko, Donostiako elkarte batean, agur ekitaldia egin da.

Datorren urteko martxoan, gure ikasle eta irakasleak, hirugarren urtez, Indiar Ozeanoan dagoen uharte eder horretara joatea aurreikusiten da. Elkartrukea oso aberasgarria izan da eta parte hartzaileak oso gustura egon direla adierazi dute. Elkartruke proiektu hau, ERASMUS+ programako diru laguntzei esker burutu da.

IoT teknologia ikertzen ari gara ikastetxean

2019.12,16

Gure ingurunearekin harreman digital bat izateko aukera eskainiko duen sistema baten aurrean aurkitzen gara. Teknologia ezberdinetan oinarrituta, eguneroko objektu (semaforo, kotxe, patinete, mugikor, ...) zein izaki bizidunekin elkarrekintza eskaintzen duen sistema bat da; besteak beste, gailuen urruneko kontrola, lokalizazio geografikoa edo automatizazioa erraztuko edo ahalbidetuko dituena. Ikastetxeak proiektu honen bidez, teknologia honen ezagutza jaso, ikasketa prozesuan aplikatu eta aplikazio praktiko bidez jendarteratzea du helburu.

Universal Robots markako ur16e elkarlaneko robot modelo berriaren aurkezpena egin da

2019.12.09

Pasa den azaroaren 22an, Universal Robots markako roboten horniketa, formazioa eta laguntza teknikoaz arduratzen den IRUÑA TECNOLOGIAS enpresak, Tolosaldeko enpresa ertain eta txikientzat bideratuta, UR16e modelo berriaren aurkezpena egin du.

Ekitaldi honen helburua, elkarlaneko robotika munduan agertzen ari den Plug & Play teknologia berria, enpresatara hurbiltzea izan da. Robotika mota hau aplikatuz, era errazean, ekonomikoki inbertsio handirik egin gabe eta robotaren erabilpenerako formazio handirik behar gabe, beraien enpresatako zenbait lanpostu automatizatu ditzakete. Era horretan, robotak eta langileak elkarlanean aritu daitezke lanean.

Horretarako, Tolosaldea LHII ikastetxeko Automatizazio eta Robotika Industriala zikloan, hezkuntzan robot mota hauen ezarpenean aintzindari izateagatik eta IRUÑA TECNOLOGIAS enpresarekin dugun harremanagatik, ekitaldi hau Tolosaldea LHII ikastetxean egitea erabaki dute.

Ekitaldiaren lehen zatian, UR16e robot berriaren azalpena eta berari dagozkion erantsien katalogo eta ezaugarriak aurkeztu ziren.

Bigarren zatian, partaide guztiek 5 pertsonako lantaldeetan jarrita, robotarekin lehen urratsak emateko aukera izan zuten. Ezagutza gutxirekin eta oinarrizko programaketa erabiliz, mugimendu desberdinak era errazean egin daitezkeela frogatzeko aukera izan zuten.

Elektromugikortasunaren espezializazioa definitze-lanetan parte hartzen

2019.12.04

Etorkizunean, mugikortasun elektrikoa, geroz eta gehiago erabiliko den garraio-sistema bat izango da; hau da, ibilgailuek erabiliko duten energia-mota, elektrikoa izango da. Energia-mota aldaketa honek, ibilgailuen diseinuan eta hauek mugitzeko behar duten energia kargatzeko sistemaren diseinuan eragin zuzena izango du; besteak beste, ibilgailuen kontrol-sistemak, trakzio-sistemak, energia metatze-sistemak, kargatze-sistemak eta abar.

Egoera honi aurre egiteko, autobus fabrikatzaileetan erreferentea den IRIZAR enpresak eta potentziako elektronika garatzen duen JEMA Energy enpresak, autobus elektrikoen fabrikazioa indartu nahi dute. Teknologia berri hauei aurre egin eta erantzun profesional egoki bat emateko, merkatuan, perfil profesional berri baten eskaera sortu da.

Gaur egun, hezkuntza arautuko ziklo industrialetan, perfil honetako formakuntzarik ez da ematen. Horretarako, IRIZAR eta JEMA, espezializazio hau sortzeko enpresa interesatuak diren neurrian, IVAC erakundea koordinatzaile gisa, eta Usurbil, Don Bosco eta Tolosaldea LHII Ikastetxeak, Mugikortasun Elektrikoaren Espezializazio Programa diseinatzen ari dira. Diseinu honen lehen urratsak, pasa den ekainean eman ziren eta 2019-2020ko ikasturtean amaituko dira.

Espezializazio honetan parte hartzeko aukera izango duten ikasleak, Automatizazio eta Robotika Industriala edo Elektrizitate-Elektronika zikloak kurtsatzen ari direnak izango dira. 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldea LHII ikastetxeko Automatizazio eta Robotika Industrialeko zikloko hiru ikaslek, programa honetan parte hartuko dute. Eta amaitutakoan, Automatizazio eta Robotika Industriala zikloaren tituluaz gain, Mugikortasun Elektrikoaren Espezializazio titulua lortuko lukete.

Mallorcako irakasleen bisita

2019.11.20

Azaroak 6 eta 7an Mallorcako Joan Taix ikastetxeko bi irakasle gure ikastetxean izan ziren. Instalazio Elektriko eta Automatikoetako zikloaren lan egiteko modua aztertzera etorri ziren, Etekin Handiko metodologia (ETHAZI) nola aplikatzen ari garen interesatzen zitzaien gehien bat.

Ohiko harrera egin ondoren, ETHAZI metodologia, espazio eta instalazio egokituak, zikloko erronketan oinarritutako programazioak, gela eta tailerretan lan egiteko moduak, ebaluazioa eta FeedBacka nola egiten ditugun azaldu genizkien.

Bi eguneko bisita bukatzeko eta azken ikasturteetan Joan Taix ikastetxearekin sortu diren harreman onak mantentzeko eta bultzatzeko asmoz ikastetxeko zenbait irakaslek anaitasuneko bazkari bat egin genuen.

Merkataritzako ikasle eta irakasleak Bernat Etxepare Lizeoan izan dira Baionan elkartruke batean

2019.11.14

Merkataritzako 2MJ2ko ikasle eta irakasleak Bernat Etxepare Lizeoan izan dira azaroaren hasieran bi eguneko elkartruke batean. Iaz zabaldu zuen Lizeoak Lanbide Heziketa eskaintza eta bertan, Merkataritza zikloa ematen dute eta aipatzekoa da, Ipar Euskal Herrian, zikloak euskera hutsean eskaintzen duen lehenengo ikastetxea dela.

Iban Regnier-en eskutik, Baionako Ikastetxea ez ezik, hirigunea ezagutzeko eta historian murgiltzeko ere, aukera izan dute. Ainizeren eskutik euskal moneta den “Euskoa”-ren aurkezpena entzuteko aukera ere izan dute.

Bigarren egunean, Biarritzera abiatu ziren Lurrama azokara, duela 14 urte Euskal Herriko Laborantza Ganbarak sortua dena. 600 laguntzaileri esker antolatzen den ekitaldian parte hartzeko aukera izan zuten gure ikasleek bolondres moduan.

Esperientzia oso aberasgarria izan da eta laster ikusiko ditugu Lapurdiko lagun berriak gure ikastetxean.

Elikagaien Bankua, Txolarteak, Pauso Berriak eta Chernobilen Lagunak erakundeen hitzaldia entzuteko aukera izan dute gure ikasleek

2019.11.04

Azken urteetan bezala, aurten ere gizarte gaietan lan egiten duten aipatutako taldeen hitzaldia entzuteko aukera izan dute gure ikasleek. Aurkezle-lanak jubilatu berria den Gorka Igartua irakasleak egin ditu.

Atzegiko ordezkaria den Olatz Miranda etorri da aisialdiko taldeek, Txolarteak, zer egiten duten azaltzera eta ikasleei parte hartzeko gonbitea egitera.

Gureak taldeko Xabier Alkezar teknikariak Pauso Berriak proiektua azaldu du, bera baita Iñakiren lanaren eta plangintzaren jarraipena egiten duena.

Chernobileko lagunak taldeko kideak elkarte honen helburu nagusiak zeintzuk diren azaldu du, hots, Ukrainiako kutsaduratik ihes egitea. Horretarako, umeak Gipuzkoako familietan denbora tarte baterako hartu, aire garbia arnastu eta kutsadurarik gabeko elikagaiak jan ditzaten.

Egun, Oiartzungo egoitzan bolondres lanetan dabilen Xanti Alberdi, ikastetxeko irakasle ohiak, Elikagaien Bankuaren lanak azaldu dizkigu. Elkartearen helburu nagusia elikagaien xahuketaren kontra borroka egitea da, denok soberan dugun janaria, bota beharrean, pertsona behartsuei ematea.

Big Data LH Euskadi Proiektuan parte hartzen dugu

2019.10.30

Datu-jario oso handia behar da datu-analisiko proiektu bat Big Datarekin lotua dagoela esateko, baina gure inguruan gero eta datu gehiago gordetzen dira lainoan. Datu-jasa handi hori tratatzeko, bertatik informazio interesgarria ateratzeko eta predikzioak egiteko aukera ere eman ahal du Big Datak. Ikastetxeak parte hartzen du proiektu edo, hobe esanda, meta-proiektu honetan.

Big Dataren garrantzia hobeto ulertu eta une honetan eskoletan eta, orokorrean Lanbide Heziketako edozein alorretan, bere aplikagarritasuna aztertu nahi da. Gai zabal honen inguruan hausnarketak egiten diren neurrian helburu zehatzagoak ipintzen joango dira, Big Dataren eragina gero eta nabariagoa baita, baina gure egunerokotasunean eman beharreko pausoak oraindik zehazteke daude. Proiektu honetan, Tknikak, Galdakaoko Andra Mari ikastetxeak eta Tolosaldea LHII-k parte hartzen dute aurten.

Polonian izan gara, Erasmus+ elkartruke proiektu baten baitan.

2019.10.20

Ikastetxeko 5 ikasle eta 2 irakasle Poloniako Cieszyn hirian izan dira, astebetez, beste lau herrialdetako hainbat ikasle eta irakaslekin, martxan dagoen proiektuaren baitan, elkarlanean.

Antolatzailea Szkoła Organizacji i Zarządzania w Cieszynie, (SOIZ) izan da eta burututako ekintzak Erasmus+ KA229 "The Guardians of Europe" proiektuarekin lotuta daude.

Gure ikasleek bertako ikasleen etxeetan hartu dute ostatua eta beraiekin harremanak estutzeko aukera paregabea izan dute.

Proiektuaren helburuak bi atal ditu. Horietako lehena, gaur egun gizartean ematen diren hainbat arazo soziali buruzko ezagutza areagotzea eta, kanpaina sozialen bidez, berauetaz sentsibilizatzea. Bigarren atalean, Europako kultur ondarea ezagutaraztea da. Proiektu honek 2 urteko iraupena du. Oraingo honetan proiektuaren bigarren urtean murgilduta gaude.

Egonaldian zehar hainbat jarduera burutu dira. Guztietan nabarmentzekoa, kanpaina sozialen jaialdia izan da; bertan, herrialde bakoitzeko ikasleek, bere herrialdeetan landutako kanpaina soziala aurkeztu behar izan dute herriko aretoan. Gure ikastetxeko ikasleek, hemen garatutako genero berdintasunaren aldeko kanpaina aurkeztu dute. Ondoren stand batzuk prestatu dira, kanpainaren eta Tolosaldea eta Euskal Herriko informazio eta produktuekin.

Jaialdiaz gain, beste hainbat ekintza burutu dira egonaldian zehar: tailerrak, jokuak, parte hartzaileen martxa, hiriko alkatearen harrera, bertako folklorearen ezagutza, ogia, gurina, gazta eta antzekoak egiten ikasteko tailerra eta hainbat bisita kultural: Auschwitz, Krakobia, Wieliczka-ko gatz meategia, etab.

Dagoeneko, proiektuaren bigarren zatian murgildu gara. Oraingoan, Europako kultur ondareari buruzko kanpaina soziala prestatuko dugu ikastetxe guztien artean. Kanpaina honek, Europako kultur ondarea ezagutzea eta babestea du helburu. Joan den ikasturtean, Sizilian (Italia) eta Kretan (Grezia) izan ondoren, hurrengo elkartrukea Tolosan izango da, datorren urtearen hasieran. Esperientzia oso aberasgarria izan da parte hartzaileen esanetan.

Buru Bihotzez elkarteak Alzheimerrari buruz antolatutako hitzaldi eta formakuntza berri baten aurkezpen-saioan izan gara

2019.09.18

Buru Bihotzez elkarteak, Inmakulada Lanbide Ikastolaren eta Tolosaldea Lanbide Heziketaren laguntzaz eta Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko ESIren babesarekin, datozen egunetarako antolatutako ekimenak aurkeztu ditu, irailaren 16an.

Buru Bihotzez elkartea duela urte bete sortu zen Alzheimer gaixotasuna duten pertsonen eta beren zaintzaz arduratzen direnen bizi kalitatea hobetzeko helburuz; izan ere, Alzheimerra gaixoari ez ezik familia osoari ere eragiten dion gaitza baita. Era berean, gaitzaren inguruko ezagutza zabaltzea eta gaixoei arreta hobea eskaintzea ere ditu helburu elkarteak.

Irailaren 21a Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da eta gaur egun geroz eta herritar gehiagok pairatzen du aipatutako gaixotasuna. Geroz eta gizarte zaharkituago baten aurrean gaude, egun biztanleriaren &percent;35ak 55 urte edo gehiago ditu, baina 2031 urterako kopuru hori &percent;46,5era igotzea da aurreikuspena. Gipuzkoan bakarrik, jada 12.000 pertsonei eta 36.000 senide eta zaintzaileei eragiten die Alzheimerrak eta 2050 urterako kopuru hori hirukoiztu daitekeela diote ikerketek.

Irailaren 18an hitzaldi bat egingo da eta irailaren 25ean eta urriaren 2an tailerrak.

Astelehenean, irailaren 9an, ikasleen harrera.

2019.09.03

Irailaren 9an, astelehena, ikasleen harrera eguna egingo dugu. Hemen duzue ordutegia.

Ongi etorria denoi!!!

 

9:30

 

9:45

 

10:00

 

10:15

 

1MK2A Mekanizazio

1MK2B Mekanizazio

1SG2  Soldadura eta Galdaragintza

 

1IE2 Instalazio elektriko eta automatikoak

1MJ2 Merkataritza jarduerak

1MS2 Mikroinformatika sistemak eta sareak

 

1PP3A Fabrikazio mekanikoko produkzioaren mekanizazioa

1PP3B Fabrikazio mekanikoko produkzioaren mekanizazioa

 

1EM3 Eraikuntza Metalikoak

1MT3 Mekatronika industriala

 

1AI3 Automatismo eta Robotika industriala

1IS3 Sareko informatika sistemen administrazioa

1IM3 Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea

1AF3 Administrazioa eta Finantzak

10:30

 

10:45

11:00

11:15

2MK2A Mekanizazio

2MK2B Mekanizazio

2SG2 Soldadura eta Galdaragintza

 

2IE2 Instalazio elektriko eta automatikoak

2MJ2 Merkataritza jarduerak

2MS2 Mikroinformatika sistemak eta sareak

2PP3A Fabrikazio mekanikoko produkzioaren mekanizazioa

2PP3B Fabrikazio mekanikoko produkzioaren mekanizazioa

2EM3 Eraikuntza Metalikoak

 

2AI3 Automatismo eta Robotika industriala

2IS3 Sareko informatika sistemen administrazioa

2IM3 Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea

2AF3 Administrazioa eta Finantzak

 

Altueratako lanak Hazparneko Saint Josephen

2019.07.13

Instalazio Elektriko eta Automatikoetako ikasleak altueratako lanak lantzen aritu dira Hazparneko Saint Joseph ikastetxean. Altueratako lanetan segurtasunak garrantzi handia hartzen duenez, NBE-ak, arnesak eta babes kolektiboko ekipoak erabiltzeari eman zaio garrantzi handia. Aldamio finkoak eta mugikorrak muntatzen eta desmuntatzen eta “Líneas de vida” direlakoen bidez lanak egiten ikasten aritu dira.

Horretaz gain, Arrosako zentral hidroelektrikoa bisitatu dute eta Baionako txokolatearen ibilbidea egin dute ere, lagun giro ederrean.

PyreneFP erakundearen laguntzaz egin den ekintza hau hurrengo ikasturtean errepikatzea espero dugu.

Alemaniako Lanbide heziketa eta BMW barrutik ezagutzen

2019.07.02

Tolosaldea LHIIko hainbat irakasle Alemanian izan dira, maiatzaren 12tik 18ra, bertako lanbide heziketaren egoera ezagutzeko eta, bide batez, bertako lantegi ezberdinak bisitatzeko.

Alemaniako Lanbide Heziketa eta bertako Dual sistema ezagutzea izan da gure helburua, uste dugulako hezkuntza ez dela soilik ikasgaia ematea, beste errealitateak ezagutzea eta gizartea zein norabidetan doan ikuskatzea ere badela.

Horrez gain, hango enpresa ugari ere ezagutu dituzte, adibidez Leipzigen dagoen BMW lantegia.

Irakasleon kudeaketa VITALIS izeneko enpresak egin zuen, Europar Batasuneko ikasleak jasotzen ditu eta aste gutxi batzuetako praktikaldiak kudeatzen ditu. Haien instalakuntzetan egiten dituzte praktikak ikasleek eta jateko, lo egiteko eta aisialdirako aukera ere han bertan dute.

Informazio gehigarria jasotzeko sakatu hemen.

Irakasle talde batek, Italiara egindako mugikortasuna burutu du, bertako lanbide heziketa gertutik ezagutzeko asmoz

2019.06.23

Ikastetxeko hiru irakaslek Italiako Brescia hirian izan dira, bertako Tempo Libero enpresaren eskutik, astebetez, bertako lanbide heziketa ezagutzen. Lanbide heziketako ikastetxe ezberdinak bisitatu zituzten eta, besteak beste, hauek izan ziren aztertutako aldeak: lan praktikak, berokuntza eta iturgintzako eduki teknikoak, baliabideak, metodologia, etabar.

Efizientzia energetikoaren inguruan lan egiten duen empresa bat ere bisitatzeko aukera izan zuten. Bide batez, bisita kulturaletaz eta inguruan naturak eskaintzen dituen paisaietaz gozatzeko tartea hartu zuten.

Informazio gehigarria, hemen, gure Nazioarteko Proiektuen Blogean, aurkitu daiteke.

Alemaniako BBS Berufsbildende Schulen II ikastetxera eta inguruko enpresa desberdinetara egindako bisitak

2019.06.18

Tolosaldea LHII ikastetxeko mekanika, galdaragintza eta elektrizitate alorreko hiru irakasle, Alemaniako Lanbide Heziketako DUAL sistema ezagutzera joan dira. Hori dela eta, Osterode herrian dagoen BBS Berufsbildende Schulen II (Vocational Training) ikastetxea ezagutu dute eta, honekin batera, DUAL sisteman parte hartzen duten bi enpresen esperientzia ezagutu dute ere.

Bertako Lanbide Heziketako zikloen iraupena hiru urtekoa da eta, zikloaren arabera, DUAL sistema egiten duen ikasle kopurua desberdina da. Ziklo batzuetan DUALa egiten duen ikasle kopurua &percent;100 da eta DUALa egitea ezinbestekoa da.

DUAL sisteman parte hartzen duten bi enpresa garrantzitsu ikusten izan ziren, PILLER Power Systems eta Marh, hain zuzen ere. Esan beharra dago, enpresa hauek handiak direla eta DUAL sisteman ikasle kopuru handia (10-15 ikasle) kudeatzeko gaitasuna dutela, argi baitago enpresa txiki batean honelako plangintza egitea oso zaila litzatekela. Enpresa hauetako arduradunek diotenez, prestatutako edo kualifikatutako langileak edukitzeko, ezinbestekoa da DUAL sistema .

Azkenik esan, ikusitako enpresetako arduradunek, etorkizunean, Erasmus bitartez, gure arteko ikasle trukaketak egiteko baikor azaldu ziren eta ateak zabalik utzi zituzten horretarako.