Edukira joan
EU ES

Ikasenpresako II barne azoka Tolosaldea LHII-n

2020.06.08

Abenduaren 19an, Tolosaldea LHII-an, “Lan prestakuntza eta orientabidea” alorrak antolatuta, Ikasenpresako II barne azoka ospatu genuen. Bertan, “Enpresa eta ekimen sortzailea” modulua egiten ari diren 2. mailako ikasle guztiek hartu zuten parte ikasturtean zehar sortutako ikasenpresekin, guztira 33 ikasenpresa izanik, 10 ziklo ezberdinetakoak.

Ikasenpresa bakoitzak bere produktu edo zerbitzuak aurkezteko aukera izan zuen. Denetatik zegoen: lanparak, mekanizatutako kaxak, giltzak zintzilikatzekoak, apaingarriak, bideojokoak, aplikazioak, 3Dko erramintak, garagardoz egindako gailetak eta askoz gehiago. Ikasleak oso ondo aritu ziren bai azokaren aurreko asteetan dena prestatzen (kartelak, txartelak, folletoak, produktuak,…) baita azokan bertan hurbiltzen zitzaienei azalpenak ematen eta demostrazioak egiten ere.

Azokaren iraupena bi ordukoa izan zen eta giro ederra sortu zen. Bisitari asko izan genituen, 1. Mailako ikasleak, gure irakasleak, Orixeko batxilergoko eta 4.DBHko irakasle eta ikasleak, baita ere Inmakulada Ikastolako zenbait ikasle eta irakasle. Guztiak ibili ziren oso gustora gure ikasleen eskaintzak aztertzen eta baloratzen eta zenbait kasutan erosketak egiten ere.

Leku ezin hobea izan genuen ekitaldia aurrera eramateko, eraiki berria dugun aretoa erabili baikenuen, erabilera anitzetako oso aproposa izango dena.

Oso positibotzat baloratzen dugu esperientzia, hurrengo ikasturtean III azoka antolatzeko animatu gaitu.

Beasaingo CAF-era bixita

2020.01.08

Abenduaren 12ean informatika alorreko ikasle eta irakasle batzuk Beasaingo CAF enpresa ezagutzen izan ginen. Bisitaren helburua CAF enpresako sistema informatikoa nola kudeatzen duten gertutik ezagutzea izan zen. Horretarako, Beasaingo CAF enpresako sare kudeatzaile arduradunen laguntza izan genuen. Ohiko harrera egin ondoren, bi taldetan banatu ginen enpresako datuen prozesamendurako zentroa ikusteko eskakizunak jarraituz.

Ondoren sare kudeatzaile arduradun bakoitzak enpresako sistema informatikoaren muina nola ezarrita zegoen azaltzen zuen bitartean, beste taldea datuen prozesamendurako zentroa ikustera joan zen. Zerbitzariak elkarren artean nola komunikatzen diren, hainbat switch -en konfigurazioa eta switch-en arteko lotura fibra bidez nola gauzatzen den, segurtasun kopiak (Backup) egiteko erabiltzen duten prozesua eta zerbitzarietan lan karga handia dagoenerako lan karga hau banatzeko hardware berezia ezagutu genuen.

Cadinox enpresan bisitan izan gara

2020.01.05

Abenduaren 10ean Informatika alorreko ikasle eta irakasle batzuk Cadinox galdaragintza enpresa ezagutzera joan ginen. Bisitaren helburua Pyme honetako sistema informatikoaren kudeatzailearen lana ezagutzea izan zen. Horretarako, gaur egun Cadinox enpresan sare kudeatzaile den gure ikasle ohi baten laguntza izan genuen.

Ohiko harrera egin ondoren, enpresan egiten den produktu mota eta lan egiteko modua ezagutu genituen. Ondoren sare kudeatzailearen egunerokotasunean agertzen diren atazak eta ardura orokorrak ere azaldu zizkiguten, adibidez: inprimagailuak, telefonia zentralita, backup-ak, korreo elektronikoa eta bezero zein zerbitzarien eguneraketa.

Bisita amaitzeko sareko hardware eta sistema informatiko osoa ikusi genituen.

Mallorca-ko irakasleen bisita izan dugu ikastetxean

2020.01.01

Azaroaren 27an Mallorkako Francesc de Borja Moll de Palma ikastetxeko sei irakasle gure ikastetxean izan ziren. Informatika Sistemen administrazioko zikloaren lan egiteko modua ezagutzera etorri ziren, gehienbat Etekin Handiko eredu metodologikoa (ETHAZI) aurrera eramateko modua.

Ohiko harrera egin ondoren, zikloko erronketan oinarritutako programazioak, gela eta tailerretan lan egiteko moduak, ebaluazioa eta FeedBacka nola egiten ditugun azaldu genizkien. Bilera amaitu genuenean ETHAZI metodologiara egokitutako instalazioak erakutsi genizkien.

Ekintzaileen esperientziak ezagutzen

2019.12.20

Gure ikastetxeko Administrazio eta Finantzak zikloko ikasleek eskualdeko hainbat ekintzaileren bisita jaso dute, eta haien esperientzia ezagutzeko aukera izan dute. Ikastetxera etorri diren ekintzaileak Gorka Egia (Egia Aholkularitza Etikoa), Koldo Artola (Domotek) eta Roberto Vilar (Vilar Consultoría Digital) izan dira. Bakoitzaren ibilbidea ezberdina izan arren, hirurek besterentzako lan egiteari utzi eta beren enpresa propioa sortzea aukeratu dute, eta beraien esperientzia kontatu diete ikasleei.

Hitzaldi hauen bidez ikasleek etorkizun profesionala modu autonomoan garatzeko eman beharreko pausuak ikasi dituzte, eta hori garatzeko beharrezkoak diren gaitasunak zein diren ere identifikatu ahal izan dituzte. Izan ere, hiru adituek nabarmendu dituzte ekintzaile batek izan beharreko hainbat ezaugarri: autonomia, ardura, komunikatzeko gaitasuna. Azken batean, gelan landutako gaitasunak adibide errealekin uztartzeko aukera izan da ikasleentzat.

ikaslan

elebasque

fp
ikaslan

elebasque

fp
© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldea.com