Edukira joan
EU ES
 

Universal Robots markako ur16e elkarlaneko robot modelo berriaren aurkezpena egin da

2019.12.09

Pasa den azaroaren 22an, Universal Robots markako roboten horniketa, formazioa eta laguntza teknikoaz arduratzen den IRUÑA TECNOLOGIAS enpresak, Tolosaldeko enpresa ertain eta txikientzat bideratuta, UR16e modelo berriaren aurkezpena egin du.

Ekitaldi honen helburua, elkarlaneko robotika munduan agertzen ari den Plug & Play teknologia berria, enpresatara hurbiltzea izan da. Robotika mota hau aplikatuz, era errazean, ekonomikoki inbertsio handirik egin gabe eta robotaren erabilpenerako formazio handirik behar gabe, beraien enpresatako zenbait lanpostu automatizatu ditzakete. Era horretan, robotak eta langileak elkarlanean aritu daitezke lanean.

Horretarako, Tolosaldea LHII ikastetxeko Automatizazio eta Robotika Industriala zikloan, hezkuntzan robot mota hauen ezarpenean aintzindari izateagatik eta IRUÑA TECNOLOGIAS enpresarekin dugun harremanagatik, ekitaldi hau Tolosaldea LHII ikastetxean egitea erabaki dute.

Ekitaldiaren lehen zatian, UR16e robot berriaren azalpena eta berari dagozkion erantsien katalogo eta ezaugarriak aurkeztu ziren.

Bigarren zatian, partaide guztiek 5 pertsonako lantaldeetan jarrita, robotarekin lehen urratsak emateko aukera izan zuten. Ezagutza gutxirekin eta oinarrizko programaketa erabiliz, mugimendu desberdinak era errazean egin daitezkeela frogatzeko aukera izan zuten.

Elektromugikortasunaren espezializazioa definitze-lanetan parte hartzen

2019.12.04

Etorkizunean, mugikortasun elektrikoa, geroz eta gehiago erabiliko den garraio-sistema bat izango da; hau da, ibilgailuek erabiliko duten energia-mota, elektrikoa izango da. Energia-mota aldaketa honek, ibilgailuen diseinuan eta hauek mugitzeko behar duten energia kargatzeko sistemaren diseinuan eragin zuzena izango du; besteak beste, ibilgailuen kontrol-sistemak, trakzio-sistemak, energia metatze-sistemak, kargatze-sistemak eta abar.

Egoera honi aurre egiteko, autobus fabrikatzaileetan erreferentea den IRIZAR enpresak eta potentziako elektronika garatzen duen JEMA Energy enpresak, autobus elektrikoen fabrikazioa indartu nahi dute. Teknologia berri hauei aurre egin eta erantzun profesional egoki bat emateko, merkatuan, perfil profesional berri baten eskaera sortu da.

Gaur egun, hezkuntza arautuko ziklo industrialetan, perfil honetako formakuntzarik ez da ematen. Horretarako, IRIZAR eta JEMA, espezializazio hau sortzeko enpresa interesatuak diren neurrian, IVAC erakundea koordinatzaile gisa, eta Usurbil, Don Bosco eta Tolosaldea LHII Ikastetxeak, Mugikortasun Elektrikoaren Espezializazio Programa diseinatzen ari dira. Diseinu honen lehen urratsak, pasa den ekainean eman ziren eta 2019-2020ko ikasturtean amaituko dira.

Espezializazio honetan parte hartzeko aukera izango duten ikasleak, Automatizazio eta Robotika Industriala edo Elektrizitate-Elektronika zikloak kurtsatzen ari direnak izango dira. 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldea LHII ikastetxeko Automatizazio eta Robotika Industrialeko zikloko hiru ikaslek, programa honetan parte hartuko dute. Eta amaitutakoan, Automatizazio eta Robotika Industriala zikloaren tituluaz gain, Mugikortasun Elektrikoaren Espezializazio titulua lortuko lukete.

Mallorcako irakasleen bisita

2019.11.20

Azaroak 6 eta 7an Mallorcako Joan Taix ikastetxeko bi irakasle gure ikastetxean izan ziren. Instalazio Elektriko eta Automatikoetako zikloaren lan egiteko modua aztertzera etorri ziren, Etekin Handiko metodologia (ETHAZI) nola aplikatzen ari garen interesatzen zitzaien gehien bat.

Ohiko harrera egin ondoren, ETHAZI metodologia, espazio eta instalazio egokituak, zikloko erronketan oinarritutako programazioak, gela eta tailerretan lan egiteko moduak, ebaluazioa eta FeedBacka nola egiten ditugun azaldu genizkien.

Bi eguneko bisita bukatzeko eta azken ikasturteetan Joan Taix ikastetxearekin sortu diren harreman onak mantentzeko eta bultzatzeko asmoz ikastetxeko zenbait irakaslek anaitasuneko bazkari bat egin genuen.

Merkataritzako ikasle eta irakasleak Bernat Etxepare Lizeoan izan dira Baionan elkartruke batean

2019.11.14

Merkataritzako 2MJ2ko ikasle eta irakasleak Bernat Etxepare Lizeoan izan dira azaroaren hasieran bi eguneko elkartruke batean. Iaz zabaldu zuen Lizeoak Lanbide Heziketa eskaintza eta bertan, Merkataritza zikloa ematen dute eta aipatzekoa da, Ipar Euskal Herrian, zikloak euskera hutsean eskaintzen duen lehenengo ikastetxea dela.

Iban Regnier-en eskutik, Baionako Ikastetxea ez ezik, hirigunea ezagutzeko eta historian murgiltzeko ere, aukera izan dute. Ainizeren eskutik euskal moneta den “Euskoa”-ren aurkezpena entzuteko aukera ere izan dute.

Bigarren egunean, Biarritzera abiatu ziren Lurrama azokara, duela 14 urte Euskal Herriko Laborantza Ganbarak sortua dena. 600 laguntzaileri esker antolatzen den ekitaldian parte hartzeko aukera izan zuten gure ikasleek bolondres moduan.

Esperientzia oso aberasgarria izan da eta laster ikusiko ditugu Lapurdiko lagun berriak gure ikastetxean.

Elikagaien Bankua, Txolarteak, Pauso Berriak eta Chernobilen Lagunak erakundeen hitzaldia entzuteko aukera izan dute gure ikasleek

2019.11.04

Azken urteetan bezala, aurten ere gizarte gaietan lan egiten duten aipatutako taldeen hitzaldia entzuteko aukera izan dute gure ikasleek. Aurkezle-lanak jubilatu berria den Gorka Igartua irakasleak egin ditu.

Atzegiko ordezkaria den Olatz Miranda etorri da aisialdiko taldeek, Txolarteak, zer egiten duten azaltzera eta ikasleei parte hartzeko gonbitea egitera.

Gureak taldeko Xabier Alkezar teknikariak Pauso Berriak proiektua azaldu du, bera baita Iñakiren lanaren eta plangintzaren jarraipena egiten duena.

Chernobileko lagunak taldeko kidea den John Ezenarro irakasleak elkarte honen helburu nagusiak zeintzuk diren azaldu du, hots, Ukrainiako kutsaduratik ihes egitea. Horretarako, umeak Gipuzkoako familietan denbora tarte baterako hartu, aire garbia arnastu eta kutsadurarik gabeko elikagaiak jan ditzaten.

Egun, Oiartzungo egoitzan bolondres lanetan dabilen Xanti Alberdi, ikastetxeko irakasle ohiak, Elikagaien Bankuaren lanak azaldu dizkigu. Elkartearen helburu nagusia elikagaien xahuketaren kontra borroka egitea da, denok soberan dugun janaria, bota beharrean, pertsona behartsuei ematea.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldea.com