EU | ES | EN
Gobierno Vasco

 

Gure ikasle eta irakasle talde bat Sizilian izan da elkar-trukeko proiektu baten bidez

2018.12.03

Ikastetxeko 5 ikasle eta 2 irakasle Siziliako (Italia) Enna hirian izan dira astebetez, beste lau herrialdetako hainbat ikasle eta irakaslekin, martxan duten KA2 proiektuaren baitan, elkarlanean.

Antolatzailea Istituto Professionale Statale “Federico II” izan da eta burututako ekintzak elikatze osasuntsuarekin eta Europako kultur ondarearekin lotutakoak izan dira.

Gure ikasleek bertako ikasleen etxeetan hartu dute ostatua eta beraiekin harremanak estutzeko aukera paregabea izan dute.

Egonaldian zehar hainbat bisita egin dira, Palermora, Siracusara, Piazza Arnerinara eta Ennako unibertsitatera, beste batzuen artean. Hauetan, bisita kulturalak edota tailerrak burutu dira.

Erasmus+ KA229 "The Guardians of Europe" proiektuaren helburuak bi atal ditu. Horietako lehena, gaur egun gizartean ematen diren arazo sozial batzuei buruzko ezagutza areagotzea eta, kanpaina sozialen bidez, berauetaz sentsibilizatzea. Bigarren atalean Europako kultur ondarea ezagutaraziko da. Proiektu honek 2 urteko iraupena izango du.

Siziliako egonaldian, ikastalde bakoitzak aurrez prestatutako kanpaina sozialaren nondik norakoak aurkeztu du. Ondoren, beste herrialdeetako ikasleekin batera, kanpaina sozial batek izan behar dituen ezaugarriak lantzen aritu dira.

Datozen hilabeteetan, iradokizun horiek jarraituz, kanpaina sozialak garatzen joango gara parte hartu dugun ikastetxe bakoitzean.

Siziliara joan aurretik, ikastetxe partehartzaile bakoitzean, proiekturako logoa asmatzeko lehiaketak egin ziren. Ikastetxe bakoitzak bi logo aurkeztu behar zituen eta Palermon bat aukeratuko zen aurkeztutako guztien artean. Gure ikasle batek diseinatutako logoa izan da aukeratua.

Esperientzia aberasgarria benetan.

Gu ere, euskaraldiarekin bat

2018.11.22

Euskaraz hitz egiten badakizu? Euskaraz hitz egiteko gaitasunik eduki ez arren, zerbait uler dezakezu? Konturatu al zara, orduan, elkarrekin euskaraz egin dezakegula? 11 egun euskaraz, egingo al dugu proba?

Hazparneko San Josepe Lizeoko ikasleak gurean izan dira

2018.11.07

Hazparneko San Josepe Lizeoko mekanizazioko ikasleak gure ikasleekin batera hiru egun iraun duen elkar trukaketa bat burutu dute Tolosan.  Denbora honetan tailerretan honako lan praktikak egin dituzte: artezgailu,  elektrohigadura eta soldadurakoak.  Elkarrekin kirol ekintzak ere garatu dituzte. 

Horretaz gain Ordizian kokatzen den Orkli enpresa eta Pasaiako Albaola itsas museoa ere ezagutzeko aukera izan zuten.  Bere egonaldia Tolosa eta bere inguruak ezagutzeko eta mugaz bi aldeetako harremanak sendotzeko ere aukera paregabea izan da. 

Aurrera begira gure ikasleak ere Hazparnera joatea aurreikusten da antzeko egitaraua burutzeko.  Proiektu hau PyireneFP egitasmoaren baitan burutu da eta bertako diru laguntza jaso du.

Bost herrialdetako 20 irakasle elkarlanean aritu dira, gure ikastetxean, ERASMUS+KA2 proiektu bat martxan jartzeko

2018.10.18

Erasmus+ KA229 "The Guardians of Europe" proiektua martxan jartzeko asmotan, 5 herrialdetako 20 irakasle elkartu dira Tolosaldea LHII-n, 4 egunez. Polonia (Koordinatzailea), Italia, Portugal, Grezia eta Euskal Herriko ordezkariak izan dira parte hartu dutenak.

Ikastetxeetan ematen diren arazo sozialei buruzko ezagutza areagotzea eta, Europako herrialde ezberdinetan, hauen aurrean erabiltzen diren irtenbideak zabaltzea dira proiektu honen helburu nagusiak.

Partaideak, gurean izan diren bitartean, eTwinning plataformari eta kanpaina sozialei buruzko prestakuntza jaso dute. Errenterian dagoen Tknika Lanbide Heziketako berrikuntza zentroa bisitatzeko aukera ere izan dute.

Ikastetxe hauetako ordezkariek hainbat arazo soziali buruzko ezagutza eta esperientzia partekatuko dute: berdintasuna, elikatze osasuntsua, Ziberbullying-a, tolerantzia eta kirol-ohiturak. Arazo hauen inguruan sentsibilizatzeko helburuz, kanpaina sozialak nahi dira antolatu jarrera prosozialak bultzatuz.

Proiektuak 2 urte iraungo ditu eta lehen jarduera honetaz gain, beste 5 mugikortasun garatuko dira ikasleekin batera, herrialde bakoitzean bat.

Nazioarteko gaurkotasun mintegian izena emanteko epea zabalik da

2018.10.04

Aurten ere, ikastetxeak, IKASTN Zerbitzuaren bidez X. Nazioarteko Gaurkotasun Soziopolitiko Mintegia antolatu duenez bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Azken ediziotan bezala, Jesus Torquemada adituaren hitzak entzuteko aukera izango Topic-eko areto nagusian.

Aurtengo mintegiaren egunak Urriak 22,29 eta azaroak 5, 12eta 19 (astelehenak) izango dira eta ordutegia: 19:00-21:00 Izen ematea, urriaren 1tik aurrera irekiko da, plazak bete arte.

Izena emanteko, bete inrpimaki hau, Urriaren 1etik aurrera edo deitu telefono honetara 615 77 56 78 ordutegia 09:00tik 13:30 bitartean.

Behin eskaera jasotakoan berriz jarriko gara zurekin harremanetan ordainketarako informazioa emateko.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147 | idazkaritza@tolosaldea.com